LABek eta EILASek irabazi dute hezkuntza publikoan, eta zigorra jaso du CCOOk

Posted on Otsaila 17, 2011

0


Zigor eta sari kutsua utzi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema publikoko langileen bozek. Saria, EILAS eta LAB sindikatuek izan dute, ordezkari gehiago lortu baitituzte hezkuntza sistema publikoan; zigor handia berriz, CCOOk, leku handia galdu baitu unibertsitatean eta handik kanpo: 16 ordezkari galdu ditu orotara. LABek 15 gehiago lortu ditu, eta EILASek sei gehiago —botoei erreparatuz gero, handiagoa da igoera hori—.

Hezkuntzako maila guztietako 32.000 langile baino gehiago zeuden botoa ematera deituta atzo. Azterketa itxura zuen bozketak sindikatuentzat. Gorabehera asko izan dira azken hilabeteetan ikastetxe publikoetan, krisiaren eta Hezkuntza Sailaren egitasmo polemikoen eraginez. Sindikatuek bide diferenteak hartu dituzte aldaketen aurrean: Hezkuntza Sailaren neurriak salatzera jo du gehiengo sindikalak —ELA, LAB eta EILAS—, eta, besteak beste, grebara ere deitu zuen iaz, maiatzean. CCOOk eta UGTk, berriz, Jaurlaritzarekin akordioak egiteko bideari jarraitu diote, gutxiengoan egonagatik ere; iazko ekainean, unibertsitatez kanpoko beharginen lan ituna sinatu zuten.

Bistakoa da langileek zigortu egin dituztela Hezkuntza Sailarekin akordioa sinatu zuten bi sindikatuak, CCOO eta UGT. Unibertsitatez kanpoko irakasleek osatzen dute multzo handiena, eta haien artean jasan dute porrot handiena bi sindikatu horiek: lehen postutik hirugarrenera egin du CCOOk, bederatzi ordezkari galduta —31 zituen lehen; 22 orain—; UGTk ordezkari bakarra galdu du, eta laurekin geratu da. Hezkuntza Sailarekin bat egin ez dutenen artean, EILASek izan du igoera handiena, eta hura jarri da buru eskola irakasle funtzionarioen artean: 30 ordezkari lortu ditu—bigarren zen lehen, 25ekin—; LABek lehen baino lau ordezkari gehiago izango ditu —24, osotara—, eta ELAk bakarra irabazi du —19 izango ditu aurrerantzean—.

Unibertsitatez kanpoko beste langile taldeetan, berdintsu jokatu dute langileek: LABek izan du igoera handiena lan legepeko irakasleen eta zerbitzuetako beharginen artean —azken horretan EILAS ez da aurkezten—. UGTk eta ELAk ordezkari bana galdu dute bi talde horietan; CCOOk, bi.

Unibertsitatez kanpoko funtzionarioen artean bat, eta EHUko langileen artean jaso du CCOOk bigarren beherakada; lehen postutik hirugarrenera egin du, bost ordezkari galduta —16rekin geratu da—. Igoera handiena LABek izan du EHUn, zazpi delegatu gehiago lortuta —23 izango ditu—; nagusi da EHUn. EILASek ordezkari bat galdu du, baina, zerrendan, hirugarren postutik bigarrenera egin du —19 ordezkarirekin—, CCOOren jaitsieragatik. ELAk ordezkari bat gehiago lortu du —15 izango ditu—, eta UGT lehengo hirurekin geratu da.

«Zigortu egin dituzte»

Bart gauean BERRIAri egindako presazko balorazioan, EILAS sindikatuak oso pozik hartu du gorakada. Jon Moñux ordezkariak nabarmendu zuen irakasle funtzionarioen artean izaniko arrakasta: «Kuantitatiboki boto igoera handia izan da, nahiz eta ordezkarien artean horrelako isla izan ez». Ponderazioagatik, funtzionarioek, proportzioan, ordezkari gutxiago hautatzen dituzte lan legepean dauden langileek baino.

Aldaketen zergatia argi ikusi du Moñuxek: «Emaitzak kritika dira Hezkuntza Sailaren politikari. Ez zen sindikatuen arteko auzia soilik, CCOOko ordezkari ohi asko Hezkuntza Sailean daude gaur egun». LABeko ordezkari Jon Urrusolok ere hala esan du: «Kontsekuentziaz jokatzea saritu dute, eta langileen kontra aritu direnak zigortu dituzte». ELAk esan du «gobernuen lagun den sindikalismoa» zigortu dutela.

berria-ri hartua

Auzolanean aberastu, azpiko laukitxoan