Hezkuntza publikorako «bidezko» lan hitzarmen bat eskatu diote Jaurlaritzari

Posted on Ekaina 6, 2011

0


berria.info-ri hartua.

Oraingo akordioa gutxiengo batek onetsi zuela diote ELAk, LABek eta EILASek; ez dute greba egitea baztertzen.

EILAS, LAB eta ELA sindikatuek kritikatu egin dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren jarrera «atzerakoia, alderdikoia, baztertzailea eta inposatzailea», eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoan erdietsitako lan akordioa ez dela «bidezkoa» adierazi dute. Sindikatu horiek oroitarazi dutenez, Hezkuntza Sailak langileen ordezkaritzaren gutxiengoa duten sindikatuekin sinatu zuen lan akordioa, eta, horregatik, gehiengo sindikalarekin negozia dezala eskatu diote EILASek, LABek eta ELAk Isabel Zelaaren sailari.

Stee-Eilas-en bideoa

Eserialdia egin zuten atzo sindikatu horietako hainbat ordezkarik, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. Ertzaintzak banaka-banaka aterarazi zituen. Ertzaintzak esku hartu baino lehenago, eserialdian bertan jakinarazi zuten hiru sindikatuen ikuspuntua Xabier Irastorza ELAko ordezkariak, Iñaki Izagirre EILASekoak eta Kari Bazigalupe LABekoak.

Hiru ordezkarien arabera, gehiengo sindikalak gogor salatu izan ditu Hezkuntza Sailak irakaskuntzan egin nahi dituen murrizketak. Irakasleen ordezkapenetan eta soldatetan izandakoak dira sindikatuek kritikatu dituzten murrizketak.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako ikuspegia «alderdikoia eta atzerakoia» dela uste dute sindikatuek. Murrizketei aurre egiteko, Hezkuntza Sailak iazko udan sinatutako lan akordioa sindikatuen gutxiengoarekin —alegia, UGTrekin eta CCOOrekin— adostu zuela diote ELAk, LABek eta EILASek. Horien arabera, krisi ekonomikoari aurre egitea izan zen murrizketak egiteko «aitzakia», baina horiek aurrera ateratzeko, gehiengo sindikala aintzat hartu ez izana egotzi diote hiru ordezkariek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Iragan otsailaren 16an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoan izandako hauteskunde sindikalen ondoren, ordea, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek hezkuntza arloko langileen %75en babesa eskuratu zuten. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak irakasleen mahai sektoriala berriz osatu eta bertan lan hitzarmen baten negoziazio egutegia zehaztu behar duela iritzi diote hiru sindikatuetako ordezkariek. Jasotako babesak argi erakusten du, hiru ordezkarien aburuz, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako irakaskuntza publikoko behargin gehienak «oso kritikoak» direla Hezkuntza Sailak hasitako politikarekin, eta uste dute indarrean dagoen lan akordioak ez duela zilegitasunik.

Negoziazioa hasi beharrean, Eusko Jaurlaritzak neurri «erasotzaileekin» jarraitzen du, hiru ordezkarien arabera. Diotenez, sindikatuek ez dituzte murrizketak eta lan baldintzen «kaskartzea» onartuko, eta ez dute baztertzen mobilizazioak hastea ikasturte honen amaierarako eta datorrenaren hasierarako. Mobilizazio horien artean, hiru ordezkariek ez dute greba egiteko aukera baztertu. «Hezkuntza Sailak itxi gabeko gatazka hau usteltzen utzi nahi du», diote.

Konponbiderako tartea

EILASen, LABen eta ELAren ordezkarien irudiko, gatazkak konponbiderako tartea du oraindik. Atzo, hiru sindikatu horiek berretsi egin zuten aurretik Eusko Jaurlaritzari helarazitako proposamena, baina ohartarazi zuten proposamen horrek gaur-gaurkoz ez duela erantzunik jaso.

Sindikatuen proposamenak mahai sektoriala osatzea eta indarrean dagoen lan akordioa berriz negoziatzea jasotzen du, baina ez dira eskaera bakarrak. Eusko Jaurlaritzaren bakerako hezkuntza, Eskola 2.0 eta Hiru Eleko Hezkuntza Esparrua egitasmoen inguruko hausnarketa, eztabaida eta adostasun zabala lortzeko prozesua hasteko eskatzen dute sindikatuek. Gainera, prozesu horietan ikastetxeen, eragileen eta langileen parte hartzea bermatu behar dela iritzi diote.

Bestalde, ikastetxe bakoitzeko egoeraren azterketa egitera eta gurasoei azterketa horren ondorioen berri ematera deitu dituzte irakasleak. Gainera, langileen negoziazioaren inguruan dituzten proposamenak eta aldarrikapenak sindikatuei helarazteko eskatu diete ordezkariek irakasleei.

Auzolanean aberastu, azpiko laukitxoan

Posted in: Hezkuntza Saila