Adi ordezkoak! Araudi berria badator-eta

Posted on Ekaina 21, 2011

0


STEE-EILAS sindikatuak argitaratutako Eskola Publikoko Aldizkariak, ekaineko alea argitara eman du. Hainbat eduki jorratzen ditu, baina besteak beste, eta ordezko irakasleoi dagokigunez, “ADI, ORDEZKOAK, ARAUDI BERRIA DATORRELA!!” izeneko artikulua dakar 91. ale honek. Artikulu honetan, Ordezkoen araudi berriaren inguruan zenbait datu eta gogoeta egiten ditu STEE-EILAS sindikatuak, “guztiz behin-behinekoak”:

  • Baremoan: puntu gehiago lortuko dira zailtasun bereziko edo “intereseko” plazetan (sartuko dituzte azken hauetan hiru eleko plazak?); oposaketen nota kontuan hartzeko aukera dago; oposaketak gainditzen ez dituztenei aukera emango zaie aurkeztu diren espezialitateko zerrendan sartzeko.
  • Ordezkapen plazak aukeratzeko kudeaketa informatikoa, telefonoaren ordez.
  • 50 kilometroko muga desagertzen da eta “zonaldeen” kontzeptua agertzen. EAE 26 zonaldetan banatu da eta ordezkoek aukeratzea dute zeinetan lan egiteko lehentasuna nahi duten. Zonalde batean ordezkorik geratzen ez bada, herrialdeko beste zonaldeetakoei deitu ahalko zaie. Aukera hau lotuta dago ordezkapenen kudeaketa informatikoarekin: aurreikusten da ordezkoek internetez aukeratuko dituztela plazak, eta zonalde bateko lanpostu bat inork hartu ezean, zonalde horretan baldintzak betetzen dituen azken ordezkoari emango lioketela ofizioz.
  • Bigarren Hezkuntzan, Hizkuntza Eskakizunaren aurretik jarriko da gaitasun pedagogikoa HE2ko plazetarako.

Zonaldeak sartzea positiboa izan daiteke. Baina gehiago dira ikusten ditugun arriskuak. Adibidez, egungo esleipen telematikoan bezala, oso zaila suertatzen da ordezkoentzat eta sindikatuontzat jarraipen egokia eta kontrola izatea. Hau da, gardentasuna, segurtasuna eta informazio argia izateko eskubideak murriztu egiten dira. Zerrenda bakarra garai bateko lorpena izan zen eta ez dago argi proposatzen den banaketarekin abantailarik izango denik.

Beste aldaketa batzuen guztiz kontra gaude: ez ditugu onartzen perfilik gabeko irakasleak sartzeko ematen diren erraztasunak. Ordezko berri guztiek elebidunak izan behar dute. Antzekoa gertatzen da oposaketen notak kontuan hartzearekin. Neurri uniformatzailea izateaz gain, ez dakar inolako onurarik ez ordezkoentzat, ezta ikastetxeentzat ere.

Beste zenbait neurri osagarri proposatu ditugu: hiru elekoan eskolak emateko C1 mailako titulazioa izatea, hilabete edo gehiagoko ordezkapenetan egun bat titularrarekin koordinatzeko, gardentasuna prozesu osoan, zerrendak gutxienez urtero irekitzea…

Prest gaude esandako guztiari buruz Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko baina, ikusitakoa ikusita, ez dugu esperantza handirik. Beraz, adi egon!! Kaltetuenak diren lankideek ere lan baldintza duinak izateko eskubide osoa dute.

Auzolanean aberastu, azpiko laukitxoan

Posted in: Hezkuntza Saila