Hezkuntza Ordezkaritzari gutun irekia

Posted on Ekaina 22, 2011

0


Ordezkoak Martxan taldetik idazten dizugu gure lanaren berri emateko asmoz, azken urtean ordezko irakasle talde bat elkartu baikara gure egoerarekin arduratuta, eta kexkatzen gaituen punturik garrantzitsuenetariko bat Hezkuntza Ordezkaritzarekiko harremana da.

Gure lan baldintzen inguruko informazioa lortzea zaila da, askotan hainbat dokumentutan agertzen denez, gai bati buruzko informazio zehatza lortzea ez da batere erreza, askotan xurrumurruen bidez heltzen zaigu, eta ez dugu informazio hori egiaztatzeko modurik ez dakigulako zehatz-mehatz nori galdetu behar diogun. Horretarako, bloga sortu dugu https://ordezkoakmartxan.wordpress.com; blog honek informazioa eta proposamenak elkartrukatu eta eztabaidatzeko gunea izan nahi du. Honela, normalean isolatuta gauden ordezkook elkarri lagundu ahal izango diogu.

Dena den, lan honetarako zuen laguntza izatea gustatuko litzaiguke, ordezkapenak egiten urteak eman arren, askotan galduta ibiltzen garelako. Ordezkoak eta ordezkaritzaren arteko zubia eraiki nahi dugu, eta horregatik blogean parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu, baita zuek ere harremana errazagoa izateko esfortzua egitea eskatzen dizuegu.

Bestalde, sindikatuen bitartez zerrendak kudeatzeko araudia aldatzeko lanean diharduzuela jakin dugu. Jadanik ikasturtearen hasieran egin genizkion elegiteak zirriborroari. Dena den, orain 4. zirriborroa irakurrita beste zenbait alegazio egin nahiko genituzke.

Hauexek dira irakasle ordezkoek dugun iritzia 4. zirriborro horri buruz:

  • Proposatzen da zerbitzuaren araberako puntuazioa izatea zerrenda desberdinetan. Zerrenda guztietan puntuazio bera izatea eskatzen dugu; orain arte bezala mantentzea ezin delako onartu pertsona batek besteek baino puntu gehiago lortzea lan berbera eginda.
  • Proposatzen da zerbitzu guztiek berdin ez puntuatzea, batzuek aparteko puntuazioa izatea. Aurreko puntuan bezala langileen arteko berdintasunaren kontra doan neurria iruditzen zaigu eta zerrenda bereziak sortzea proposatzen dugu, horrela, zailtasun bereziak dituzten lanpostuetarako beti egongo litzateke ondo prestatutako ordezkoren bat.
  • Proposatzen da zerbitzu guztiek berdin ez puntuatzea, batzuek aparteko baino esparru txikiagoetan preferentziak aukeratu ahal izatea. Honi buruzko iritzia oso ona da orokorrean, izan ere, etxetik oso urrun gera daitezke lurraldeko zenbait leku. Dena den, zehazteke dago nolako kudeaketa egingo litzatekeen.
  • Desagertzen da uko egiteko eskubidea 50 km baino urrunagoko lanaldi murrizketetan. Aurreko puntuan bezala, errepidean hartzen dugun arriskua aipatu behar dugu hemen, ordezkoek daukagun arazo handia da hau. Klaseak eman aurretik kotxea ordu bat baino gehiago hartu behar izateak arazo ekonomiko eta ekologikoaz aparte, osasun arazoak ekartzen ditu (istripuak besteak beste). Lanaldi murrizketan gerta daiteke denbora gehiago gidatzen egon behar izatea klaseak ematen baino, eta ekonomikoki errentagarria ez izatea. Pentsatzen dugu esparru txikiagoak aukeratzeko ematen badira, guztietan egongo direla ordezkoak eta hein handi batean errepidean egunero hartzen dugun arriskua murriztuko dela, baina honek ez du esan nahi uko egiteko eskubidea desagertu behar denik.
  • Etorkizunean Administrazioak kontuan hartu ahal izango du EPEko nota zerrendak kudeatzeko. Ez dugu argi ikusten horrela izan behar denik, askoz errazago eta eraginkorrako iruditzen zaigu zerrendak urtero-urtero zabaltzea, birmaremazio garaia momentu egokia izan daiteke honetarako. Horrela, ez dira zerrendak hain erraz agortuko.

Amaitzeko, Esleipen informatikoak aipatu behar ditugu. Gure artean, oso zabalduta dago interneten erabilera eta pentsatzen dugu ordezkaritzarekiko harremana hobetzeko ezinbesteko tresna dela; hala ere, aurreko urteko esperientzian oinarrituta bi kexka nagusi ditugu. Lehenengo eta behin gardentasuna, orain arte esleipen presentzialak egin direnean guztiok izan dugu prozesua kontrolatzeko aukera, eta horrek konfiantza eman digu. Telefonoz lanpostuak ematen direnean edota informatikoki egiten bada, kontrolaezina da nori ematen zaion, aukera berdintasuna bermatzeko gardentasuna eskatzen dugu. Argitaratzea zenbat puntuekin eman den lanpostu bakoitza, horrela norberak kontrola dezake prozesua eta akatsak badaude, zuzen daitezke. Bestalde, Lanbide Heziketan beste ardura dago, aukeraketa egiteko
orduan aldagaiak asko dira: zer eman (ikasgai kopurua luzea da), non, lanaldia… Eta gainera ia plaza gehienak ez dira benetan eskura egongo, edota azken momentuan ateratzen direnak ez dugu hartzeko aukerarik izango.

Laburbilduz, hiru eskaera hauek egiten dizkizuegu:

  1. Irakasle informaziorako gune bat sortuz adibidez telefono edo pertsona zehatz bat.
  2. Zerrendak kudeatzeko araudian aldaketak egiteko gure iritzia kontuan har dezazuen.
  3. Esleipen informatikoa gardena eta erraza izan dadin, behin-behineko ebazpena egiten denean zein puntuazio hartu den plaza bakoitza argitara emanez.

Beste barik, zuen erantzunaren zain geratzen gara,

Auzolanean aberastu, azpiko laukitxoan